News
Euskara eta hizkuntza nazionalismo espainiarra

Halako izenburuko hitzaldia eman zuen Juan Carlos Moreno Cabrera Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Hizkuntzalaritza katedradunak urriaren hasieran Euskaltzaindiak Iruñean antolatu zuen Nazioarteko XVI. biltzarrean, "Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina" izenekoan.
Juan Carlos Morenok hizkuntza nazionalismo espainiarraren ideologia aztertu du. Ideologia hori zientziaz jantzita agertzen da baina, Moreno irakasleak azaleratu bezala, diskurtso guztiz ideologizatua da eta kontzeptu linguistiko eta soziolinguistikoak manipulatuz, hizkuntzen arteko desoreka prozesu natural baten ondorio gisa agertzen du.
Hizkuntza nazionalismo espainiarrak gaztelania lehenesten du eta beste hizkuntzei nagusitzea nahiko luke gaztelaniak dituen berezko nolakotasunak beste hizkuntzenak baino hobeak baitira, antza. Iruñean egin zuen hitzaldian Moreno irakasleak gaztelaniaren nagusitasuna argudiatzeko aipatzen diren zazpi arrazoi (bost bokal baino ez izatea, estatu batean baino gehiagotan hitz egitea, geografikoki sakabanatuta ez egotea, gero eta hiztun gehiago izatea…) banan-banan aztertu eta euskarari ere bete-betean legozkiokeela utzi zuen agerian. Baina gaztelaniaren nagusitasuna argudiatzeko aipatzen direnak euskararen kasuan ez dira balioesten ez eta kontuan ere hartzen.
Madrilgo katedradunak El nacionalismo lingüístico (2008, Península) liburua argitaratu du. Liburu hori momentu egokian plazaratu da, hain zuzen ere orain gutxi Espainiako intelektual batzuek Diputatuen Kongresuari Estatuko beste hizkuntzen artean gaztelaniaren nagusitasuna eskatzeko "Manifiesto por una lengua común" dokumentua aurkeztu baitute.
Moreno irakasleak ideologia baztergarri eta arriskutsutzat jotzen du gaztelaniaren nagusitasuna argudiatzen duen diskurtso sasizientifikoa. Izan ere, katedradun madrildarrak hizkuntza guztien parekotasunaren aldeko jarrera garbia du La Dignidad e Igualdad de las Lenguas. Crítica de la discriminación Lingüística (2000, Alianza) liburuan agertu zuen bezala. Gainera, jarrera teoriko-etikoa ez ezik, jokabide ere bihurtu du hizkuntza guztien balioespena eta Euskaltzaindiaren biltzarreko hitzaldia euskaraz egin zuen.
Paula Kasares
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea
