euskaraz · español · english · français  mapa web e-mail  
Estás aquí:   Premio Abbadia »  Tinko Euskara Elkartea - 2004 »  Inaxio Oliveriren mintzaldia

Inaxio Oliveriren mintzaldia

Laudorioa

Atsegina da beti sari bat ematea. Atseginagoa, noski, saritua estimu handian duzunean; eta handiagoa oraindik, saria ongi merezia duenean.

Horra, bada, nire pozaren arrazoia Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo Abbadia saria Tinko Elkarteari eman diola jakinarazi zidatenean eta, areago, sarituen laudorioa egiteko eskatu zidatenean: aitorpenaren poza.

Anton Abbadia Sariak, jakina denez, euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko jardunaren aitorpen izan nahi du, eta gizarteagandik piztutako ekinbideak ditu, gainera, sari-gai, gizarte alorrean egindako ahalegin isila onetsi eta, horrela, konpromisoa eta lana txalotuz, etorkizunerako eredugarri izango diren jokabideak sustatzea. Hala dio Anton Abbadia Sariaren azalpenak.

Tinko Elkarteak, azaldu denez, urteetako lan saiatua egin du zinema euskaratu eta haur nahiz gaztetxoei helarazten. Nik esango nuke ilusioa duela ekinbide honek goiburu: lanerako ilusioa, euskararen aldeko ilusioa eta zinemaren ilusioa, alegia, lan-jardun berean uztarturik.

Lanerako ilusioa behar zen, egia da, orain hamar urte ideia honi heldu, lantaldea osatu, diru-bideak bilatu, munduan zehar filmak aukeratu eta martxan jartzeko. Ideia, berez, xinple bezain argia da: euskarazko filmak haur eta gaztetxoei eskaini areto komertzialetan. Aurrera eramateko orduan, ordea, zenbait zailtasun eta oztopo: filmak lortzea, egoki bikoiztea, zabalkunde-katea ahaltsuen zirrikituetatik ikusgai jartzea, haur eta gazteei helaraztea eta, guztiarekin eta guztirako, laguntzaileak bildu, irizkideak aurkitu... eta sosak nondik edo handik lortu.

Hori guzti hori egin du Tinko Elkarteak hamar urtean zehar, nekagaitz, tematsu, buru-belarri. Horrela iritsi dira 35 bat filmeko eskaintza prestatzera, bakoitza bere material didaktikoarekin, eta urtean 80.000 ikusle baino gehiago izatera, guztira 200.000tik gora haur eta gaztek ikusi dituztelarik euskarazko film hauek.

Euskararen aldeko ilusioa gero, bigarren ardatz modura. Izan ere, euskaraz eskolatutako belaunaldiak etorri ziren eta ugaldu ere bai. Baina haur eta gaztetxo horiek apenas zuten beren aisia, beren jolasaldia euskaraz gauzatzeko biderik. Euskarak berreskuratu behar zituen, eta berreskuratu behar ditu oraindik ere, eskolaz kanpoko hainbat esparru, gizarteratzeko eta herritartzeko nahitaezko direnak. Tinko Elkartearen lanak, beraz, euskara izan du helburu, euskararen alorra zabaltzea eta euskararen erabilera-eremuak areagotzea.

Nekez azpimarratuko dugu, bestalde, ikus-entzunezko bideek gure gizartean duten nagusitasuna: lehengo garaietan letra idatziaren esparruak ziren hainbat, irudiarenak dira orain, ahozkotasun berri bat dakarte ikus-entzunezko baliabideok eta, ezinbestean, haur eta gazteen heziketan, are euskal heziketan ere, pisu ukaezina dute.

Horrela, Tinko Elkartearen lana, euskarak urte hauetan egin duen aurrerapauso sendoaren baitan kokatu behar dugu. Baina, gainera, ezaugarri esanguratsu batekin: ez dela izan erakundeetatik sortutako edo piztutako ekimena, kaletik, gizartetik, baizik. Eta herri-erakundeengandik izan dituen laguntzak, martxan zegoen zerbaiti zor zaizkionak izan direla, egindako lanari zor zitzaizkionak.

Zinemaren ilusioa, bestalde. Izan ere, zinema zerbait bada, ilusio da: areto ilunean, pantaila baten gainean, argiaren bidez, bizitzaren ilusioa sortzea. Eta ez bakarrik bizitzaren ilusioa, baita mundu berri bat ere, mugagabeko mundu magikoa. Zinemaren bidez, literaturaren bidez bezala, besteren bizipenak guregana ditzakegu, bestelako menturak bizi, heroi eredugarriak ezagutu, pertsonaia desberdinak aurkitu.

Film horiek euskaraz jarriaz, haurren eta gaztetxoen mundu sinboliko berri hori euskaldunduz, heziketari egiten zaio mesede, eta ez gutxiago euskarari.

Euskara kalera ateratzen baita, gizarteko bilbe jakin baten euskaraz jarduteko ohitura sortuaz eta edozein herrialdetan ohiko diren ekintzetako bat, zinera joatea, alegia, Euskal Herrian ere normaltasunez euskaraz egin ahal izatea ahalbidetzen da. Horrela, euskalgintzarekin herrigintza indartzea lortzen da, herrigintza herritarrengan errotuta, gizartearen eskutik eta gizarte-bizitzan erroturik ikusten dugunontzat.

Eta Tinko Elkartea aipatzean, Marian Galarraga aipatzea ezinbesteko eta saihestezineko eginbeharra da. Marian izan da ekimenaren sortzaile eta animatzailea, berari zor dizkiogu esker ona eta grazia.

Marian Galarragak, bere izatez eta lanbidez, uztartzen ditu ilusioa, euskaltzaletasuna eta zinemazaletasuna. Horrek eraman zuen bikoizketa mundura eta hortik jaio zen gaur, Anton Abbadia sariaren bidez, txalotzen eta aitortzen dugun lana.

Izan ere, askok ezagutzen ditugu Marian Galarragaren ekimena eta tema, gogoa eta ilusioa.

Nik, pertsonalki eta zuzenean ezagutzeko aukera izan nuen. Gogoan dut nola, behin batean, Hondarribiko kalean elkarrekin topo egin genuen; nola hasi zitzaidan bere proiektua azaltzen; nolako konbentzimenduz eta nolako suaz mintzatzen zitzaidan... neroni ere konbentzitu arte.

Gogoan dut baita ere nola gonbidatu ninduen Durangon egiteko zuten emanaldi batera. Han, lanaren kalitatea ziurtatzeaz gain, goiz hartako saioa ikusten ari ziren ehunka haurren pozaz eta miresmenaz ere jabetu nintzen, baita Marianen beraren atseginaz ere, egindako ahaleginaren ordaina ikustean. Ilusioz beterik aritu zitzaidan Marian, goiz hartan, proiektu berriez, film gehiagoz eta emanaldi ugariz.

Bi gauza gelditu zitzaizkidan iltzatuta enkontru haietatik. Batetik, Marian Galarragaren fedea, proiektuarekiko zuen fedea eta aurrera eramateko zuen erabakia. Erabaki horrek, delibero horrek, bere lana, etorkizuna eta ondasunak ere jartzeraino eraman dute. Horrela gauzatu ahal izan da, hainbeste zailtasun eta oztoporen gainetik, gaur txalotzen dugun ekinbidea, euskarak hain esparru garrantzitsuan bere lekua izan dezan, normalizazio bidean aurrerapauso bat eginez.

Eskerrak, beraz, Marian, zure ekimenagatik, zure ilusioagatik eta zure lanzaletasunagatik!